
Gizarte-hezkuntzaren errealitatea ezagutzea ezinbesteko zeregina dute beren lan profesionala pedagogo, soziologo… moduan garatzen dutenek. Lan horretarako funtsezkoak dira hezkuntza-errealitateari buruzko ikerketak. Era berean, ingurune horretan esku-hartze bat diseinatu behar bada edota esku-hartze baten ondoriozko emaitzen balorazioa egin behar bada, nahitaezkoa da errealitatea ondo ezagutzea. Gizarte-hezkuntzaren errealitatea aztertu eta ezagutzeko, ikerketa eta esku-hartze pedagogikoko metodoak eta teknikak ezagutu behar dira. Teknika horien artean, betebehar garrantzitsua dute errealitate sozialetik zein hezkuntzakotik bildutako datuen analisiarekin lotura dutenek. Hori dela eta, gizarte-zientzietako ikasleek ezinbestekoa izango dute datuen analisiak egiteko tekniken erabileran konpetentzia izatea.
Testu hau erreferentea da gizarte-zientzietako ikerketan, datuen analisiei buruzko ikasgaietarako, eta euskarri didaktiko izateko prestatua dago. Testuan, gizarte-zientzietako esparruan estatistikaren erabilera eta aplikazioei buruzko ikuspegi zabala ematen da. Estatistika tresna laguntzailea, baliagarria eta ezinbestekoa da errealitatea nolakoa den, izan den edo izango den jakiteko.


